jueves, 29 de enero de 2015

Odoo: enpresa kudeaketarako software askea.

Produkzioaren programazioa moduluak enpresaren kudeaketari lotutako hainbat kontzeptu lantzen ditu, besteak beste biltegiaren kudeaketa, material beharren planifikazioa edo ekoizpen aginduen planifikazioa, programazioa eta jarraipena. Lan hauek egiteko, MRP edo ERP izeneko kudeaketa softwareak erabiltzen dira eta beraien helburua da enpresaren ohiko atazak ahalik eta modu errazenean betetzea (erosketak, salmentak, biltegiratzea, tailerreko lanak, fakturazioa, …).

Software hauen hastapenetan, merkatuan topatu genitzakeen tresna guztiak ordainpeko lizentzia pribatibopean banatzen ziren. Gaur egun ere, horrelako software asko eskaintzen zaizkigu, bai enpresa handiei bideratuak (adib.: SAP Business Suite edo Oracle e-Business Suite), baita enpresa txiki eta ertainetara bideratuak (adib.: Microsoft Dynamics, I68 enpresaren Izaro edo Ibermática taldearen RPS).

Baina, azken 10 urteetan, MRP/ERP motako eta software askearen modeloan oinarritutako hainbat proiektu sortu dira (http://es.wikipedia.org/wiki/Anexo:Software_ERP). Hauen artean, Odoo aplikazioa aukeratu dugu. Komeni da esatea software honen garapena 2000. urtean hasi zela TinyERP izena zuelarik eta 2009 eta 2014 artean OpenERP izena hartu zuela.

Zergatik Odoo?


https://www.odoo.com/
Enpresarako softwarea aukeratzeko garaian, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan, besteak beste kostua, negozioaren beharretara egokitzea eta horniketa enpresak eskainitako zerbitzuak. Eskolak emateko softwarea aukeratzean, ordea, ezaugarri hauek baloratu ditugu:

  • Aplikazioaren oinarri teknologikoa: ohiko sistema eragile guztietan instalatu daiteke eta mugikorretan edo tablet-etan erabiltzeko App-ak daude.
  • Beste edozein ERP-etan bezala, enpresaren departamentu desberdinetan erabiltzeko moduloak ditu (kontabilitatea, proiektuak, salmentak, giza baliabideak), eta, beraz, ikastetxean eskaintzen den beste modulo batzuetan erabili daiteke.
  • Alde negatibo bat aipatzekotan, esan behar da Python lengoaian garatuta dagoenez, zerbitzari birtual pribatu bat behar duela, eta, beraz,  instalazioa garestiagoa dela PHP-n oinarritutako aplikazioekin alderatuta.

Baina ezaugarri teknologikoak aztertzeaz gain, eskolak emateko garrantzitsuak diren beste ezaugarri batzuk hartu behar dira kontuan. Esparru honetan, Odoo aplikazioak aukera interesgarriak eskeintzen ditu:

  • Irakasleei bideratutako dokumentazioa eskaintzen du eta, beraz, tresna eskoletan erabiltzea errazagoa da.
  • Irakasleentzako foro bat dago, eta bertan plazaratu ditzakegu dudak edo hezkuntzarako materiala eta esperientziak.
  • Ikastetxeei dohainik eskaintzen die bere zerbitzarien erabilera; beraz, nahikoa da Internetera atzipena izatea aplikazioa erabili ahal izateko.

2014/15 ikasturtean egindako erabilera


Aplikazioa aurten Produkzioaren Planifikazioa izeneko moduloan erabili da, Unitate Didaktiko hauetan hain zuzen:

  • Stock-en kudeaketa: Eskolako tailerreko tresna biltegian existitzen diren datuak inportatu dira eta aztertu da zein datukin osatu beharko lirateke proktuktu horiek komertzializatu ahal izateko (kostuak, salneurriak, epeak, kokapenak, ...).
  • MRP: produktu batzuen ekoizpena kudeatzeko beharrezkoak diren datuak sartu dira aplikazioan, hain zuzen: materiale zerrendak, sortei buruzko arauak, entrega epeak eta ekoizpen ibilbidea. Horrela, MRPI eta MRPII metodologietan erabiltzen diren kontzeptuak praktikara eraman dira.
  • Proiektuen kudeaketa: adibide txiki bat landu da, eta, paraleloan, proiektuen kudeaketan espezializatutako aplikazio batekin alderatu da. Horrela, software bakoitzaren abantailak eta desabantailak aztertu ahal izan dira.

Bidean, ikasleek geroz eta autonomia handiagoa lortu dute eta ikastaroaren amaiera aldeko atazak betetzeko, aplikazioaren dokumentazioa erabili dute (webgunea eta bideotutorialak) eta tutorial txiki batzuk prestatu ahal izan dituzte. Datorren ikasturteari begira lan hildo hauetan sakontzea espero dugu eta interesgarria ikusten dugu aplikazioa beste modulo batzuetan erabiltzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.